Avenida Zubiaren egitura berritu eta sendotzeko lanak esleitu ditu Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2018ko mar. 28a, 00:00

Joan den apirilaz geroztik itxita dagoen Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubiaren egitura berritu eta sendotzeko lanak esleitu ditu Irungo Udalak. Orotara 1,79 milioi euroko aurrekontuarekin, ACCIONA enpresak egingo ditu lan horiek, eta Irungo herriak ordainduko ditu osoki.

Zubiaren egiturak pitzadurak zituen eta ukitua zegoenez, zubiaren gainetik pasatzea zein azpitik nabigatzea ere debekatu zuten joan den urteko apirilaren 12an.

Proiektua konplexua izan da administratiboki, bi estatuen arteko mugako zubia izanik, Batzorde Mixto bat osatu behar izan dute, Pasaia eta Baionako Itsaso Kapitaniak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Eta Frantzia zein Espainiako Kosta Agintaritzaren baimenak eskuratu behar izan dituzte.

1910 eta 1915. urteen artean eraikia, Irungo herriak 335.108 pezeta ordainduta enkargatu zioten Salvador de Azua arkitektoari. Eta mende luze baten ondotik, Irungo herriak du berriz ere konponketa pagatzen, 1,8 milioi euroko aurrekontuarekin.