Irungo alkate den Jose Antonio Santanoren jarrerarekin harrituta dagoela adierazi du gaur Bide Azpiegituretako foru diputatu den Aintzane Oiarbidek. Azaldu duenez, ez du lankidetzarako jarrerarik erakusten eta, gainera, foru erakundearekin prentsa ohar bitartez komunikatzen tematzen da. “Pasa den astean aurkeztu genuen AP-8 autobidea eta Irungo Hegoaldeko Ingurabidea lotuko dituen lotune berria aurkeztu genuenetik, foru erakundearentzat deskalifikazio eta salaketak besterik ez darabiltza Irungo udalak”, deitoratu du. “Ez dadila zalantzarik egon, Foru Aldundiak Irungo herritarrei emandako hitza beteko du, bai Hegoaldeko Ingurabideari zein Arbeseko egoitzari dagokionean”, gehitu du.
Foru diputatuaren esanetan, ulergaitza egiten zaio Santanoren jarrera. Izan ere, “bere udaleko teknikariekin elkarlanean egiten ari garen proiektua ari da kritikatzen, eta ez dugu partekatzen erakunde honekin prentsa bidez komunikatzeko hartu duen ohitura”. Oiarbidek berretsi du Aldundia Irungo herritarren aurrean hartutako konpromisoak betetzen ari dela. Horrela, gogoratu du foru erakundeak, “agindu genuen modura, AP-8 autobidea Oinaurreko biribilgunearekin lotuko duen proiektuarekin lehendabiziko pausua eman berri dugula”.
Hegoaldeko Ingurabidearen proiektuari dagokionez, hauxe gogorarazi du: “Orain Santanori dagokio proiektua martxan jarri eta obra esleitzea, udala delako esleipena egin behar duena, eskumena udal arlokoa izanik”. Foru Diputatuak Irungo alkateari ohartarazi dio “ekintzak” direla balioa dutenak, eta “ez hedabideetako liskarrak eta mespretxuak”. Ildo horretan, gaineratu du Aldundia, Bidegiren bitartez, “lanean” ari dela “Irunek mugikortasunari lotuta dituen erronkei aurre egiteko. Gauza bera egin beharko luke alkateak, alegia, bere herriak dituen arazoei ekintzekin irtenbideak bilatu, orain arte ez baitugu inolako aurrerapenik ikusi Hegoaldeko Ingurabidearen proiektuan”.