Ametsa abesbatza kultur elkarteak jakinarazi du, bazkideek lehendakari eta lantalde berria hautatu berri dutela. Jokin Babaze, 30 urteko irundarra, eta 9 urte zituenetik elkartean aritutakoa izan da lehendakari berri gisa hautatua. Orain artean, Euskal Herriko Abesbatzen Federazioko idazkari nagusia zen, eta hortan jarraituko du ere.
Ametsa abesbatza elkartearen batzordean, bertako abeslariak diren hainbat kide izango ditu lankide, Emilio Aseguinolaza, Xabier Amunarriz, Ana Maria Zapirain, Roberto Blanco edota Marilen Mitxelena. Lantalde berriaren asmoa omen da, kantarien trebaketa hobetzea eta Ametsa abesbatzaren gizarte proiekzioa indartzea, bere osotasunean. Hau da, Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsak zein Betiko Ametsak taldeenak.
Iragarri dutenez, euren asmoa da ere, 2020. urterako Ametsa Gazteren urteurrenerako disko berezia plazaratzea, edota Gipuzkoan galdu egin den Eliz Abesbatza Lehiaketa Irunen finkatzea.