Asteburu honetan borobilduko dute Hendaia Euskaraz egunak-en egitaraua. Herriko hamar bat elkartek antolatutako Euskaraz Bizi Eguna izango da bihar Beltzenian. Egun osoko egitaraua horretan, aurreikusia zegoen kantu bazkaria bertan behera geratu da azken mementuan, baina Akelarre elkarteak eta Gure Ikastolak zintzurrak bustitzeko ostatua, eta taloak eta bestelakoak bermatuko dituzte.
Egunari abiada emateko, goizeko 11:00etan «Euskaraldia: 11 egun euskaraz» ekimenaren Hendaiako aurkezpena egingo dute Daniel Ugarte pilotalekuan. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, belarriprest eta ahobiziek euskaraz egin eta ahalegintzeko erronka nazionalari helduko dio Hendaiak ere.
Hendaiako euskara eragileak biltzen dituen Mintzaira euskara talde eramaileko Aitziber Zapirain lankideak esplikatu digun bezala, Itsasun egingo den Iparraldeko aurkezpenarekin bat egingo du Hendaiakoak ere.
Euskaraldia eskualdean
Irunen Euskaraldia ekimena aktibatzeko lehen urratsetan diren bitartean, Hondarribian iada joan den udazkenetik ari dira herria mobilizatzen. Hendaian ahalik eta herritar gehienek bat egin dezatela bilatuko dute, eta horretarako, igandean Herriko Argazki Erraldoia egingo dute.