Datozen bi asteburutan, Hondarribiko Eliz Musikaldiak izango dugu 36. urtez. Euskadiko Eliz musika ziklo beteranoena da, eta mailan maila gorenean dagoen zikloa da. Hondarribiko Eskifaia Abesbatzak antolatzen du, Hondarribiko Elizaren eta Udalaren laguntzarekin. Kontzertu denak Alde Zaharreko Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren Elizan izango dira, arratsaldeko 19:30ean eta doainik.
Eskifaiako Ander Ribesek esplikatu digunez, eliz musikaldia izanik ere, klitxeetatik aldendu eta aurreiritzirik gabe hurbiltzeko gomendatzen du. Beraientzat urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa den honetan, denetarik entzun ahal izaten baita
Larunbatean Tolosako ‘Kea Ahots Taldeak’ eskainiko du emanaldia. KEA Ahots Taldea erreferentziazko ganbera abesbatzetako bat da estatuko abesbatzen panoraman. 12 abeslari profesionalek osatua da eta 1997an sortu zuten David Azurzak eta Enrique Azurzak XX eta XXI. mendeetako eta Errenazimentu eta Barroko garaietako abesbatza musika interpretatzeko baliabide gisa.
Igande arratsaldean Irungo ‘Nayade’ abesbatza etorriko zaigu. Talde koral irundarra 1997ko abenduan sortua. 20 urteko bere ibilbidean estatu mailako jaialdi eta lehiaketa desberdinetan parte hartu du hainbat sari jasoz. Era askotako errepertorioa interpretatzen du, bai "a capella" eta bai instrumentuen laguntzarekin, eta autore klasikoenen obra folklorikoak nahiz polifonikoak abesten dituzte, baina konpositore berriak ahaztu gabe, elkarren artean, bere neurrian, zubi-lana egiten baitute, musikalki aberastuz.
Eskifaia Abesbatzak Hondarribia Katsikas boluntario taldeari laguntza emango dio. Aurtengo zikloko kontzertu guztietan kutxak jarriko ditugu sarreran, aipatutako erakundeari laguntzeko dirua jaso ahal izateko.