Bigarren greba eguna dute gaur Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Atzokoarekin alderatuta grebaren jarraipena zertxobait apalagoa izango da gaur gure eskualdean.
Halere, Txingudi Ikastolan %76a, Hondarribiko Talaia Ikastetxean %65ekoa edota Dunboa ikastetxean %60koa izango da. Zaintza lanak eta zerbitzu minimoak baino ez diraz bermatuko, orohar.
2009. urtean baino 108 milioi euro gutxiago bideratzen ditu Eusko Jaurlaritzak hezkuntzara gaur egun, eta 27.000 ikasle gehiago daudelarik, irakasle kopuruak ez dira berdin emendatu, eta ikasle-ratioak gora eta irakasleen soldatak %30 behera egin dutela salatzen dute.
Ikastetxe publikoetan zailtasunak topatzen dituzte kalitatezko hezkuntza bermatzeko, are gehiago, geroz eta anitzagoa den gizarte honetan beharrezkoak diren baliabideak eskaintzeko. Irunen, Dunboa ikastetxea da horren adibide. Bertako zuzendariak esplikatu digunez, urteotan emandako murrizketen ondorioak egunerokotasunean pairatzen dituzte.
Irakasleak gaur eguerditan Donostiko bulebarrean egingo den manifestaldian parte hartzera deituak dira. Anartean, sindikatuek gogor egiten ari diote Eusko Jaurlaritzari. Eta gaurkoarekin bosgarren greba eguna dute ikasturte honetan, baina ez dirudi negoziazioetan aurrerapauso handirik ematen ari denik.
Maider Eizagirre, LAB sindikatuko hezkuntzako ordezkariak grebaren xehetasunak eman dizkigu.
Gogoan hartu behar da, bi greba egun hauekin deus lortzen ez badute, irakaslegoak astebeteko greba egitea aztertzen ari dela apirilean. Momentuz, gaurko mobilizazioak hiriburuetara mugatuko dira. Irun eta Hondarribiko irakasleak Donostira joateko deituak direlarik.