Apirilaren 29a bitartean, kalean segituko dute herritarrak informatzen, eta azaroaren 18an Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko Irunen egingo den herri galdeketaren ekintza historikoa gizarteratzen. Egitasmo partehartzailea eta koloreanitza izateko helburuarekin, eta galdeketari sinesgarritasuna emateko, Hartu Hitza elkarteak bere buruari ezarri dion 3.000 sinadura biltzeko erronka betetzeko lanean dihardu egunontan.
Aurreneko astean 452 sinadura bildu ondotik, martxoaren 3an 602 eta martxoaren 4an Mutxiko Eguna 68 gehiago bildu ahal izan zituzten. Arbes auzoan eta beste zenbait gunetan egindako azken bilketa lanei esker, dagoeneko 1.200 sinadura baino gehiago lortu dituzte.
Datozen egunetan kalean egongo dira ere, martxoaren 15ean Santiago kalean, eta martxoaren 16an Urdanibia plazan bertako ostatuen pintxo-potearen jende joan-etorria aprobetxatu nahian.
Xabi Martinez de Antoñana, Hartu Hitza elkarteko kidearekin mintzatu gara.