Dagoeneko jakingo duzuten bezala, joan den martxoaren 8a belztu zuen indarkeria matxistak eskualdean. Ostegun gauean Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuelarik Hondarribiko Alde Zaharrean bere bikotekidea jipoitzeagatik. Hainbat hondarribiar izan ziren horren lekuko.
Eta atzo igandearekin, Puntalean Emeki emakumeen elkarteko sortzaileak omendu behar zituzten ekitaldiaren aurretik, Udalak deitutako elgarretaratzean 200 lagun bildu ziren gertaera hau gaitzesteko.
Udal Talde guztiek sinatuta, adierazpen instituzionala kaleratu du udalak. Testuan, udal ordezkariek erasoaren aurrean “gaitzespen irmoa” adierazi dute, eta erasoa jaso zuen emakumeari “hurbiltasuna eta elkartasuna” helarazten diote. Horrelako erasoak, “pertsonen arteko errespetuzko bizikidetza urratu” egiten dituztela nabarmentzen dute, eta “Hondarribian lekuz kanpo daudela” gaineratu.