2050 urtera begira euskal kostaldeak jasango dituen aldaketetara egokitzeko planak zehazteko helburuarekin, UHINAK kongresua ospatzen ari dira goizean goizetik Ficoban. Une honetan martxan da, eta bihar borobilduko dituzte programatutako 12 ponentziak.
Klima aldaketari buruz adituak diren, eta datozen urteetarako erronkak aurreikusten eta hartara egokitzeko hartu beharreko neurriak aztertzen dituzten erakunde publiko, enpresa pribatu eta 45 ikerlari biltzen ditu kongresuak.
Monika Alday, Ficobako arduradunarekin mintzatu gara, kongresuaren irekieraren ondotik, lehendabiziko hitzaldiak martxan zirela. Eta aurtengo parte hartzaileen lankidetzarako prestutasuna eta bildutako adituen goi-maila nabarmendu digu.
Itsasoaren gorakada
Goiz honetan, esate baterako, AZTI erakundearen azken proiektuaren berri eman dute. Euskal kostaldean, itsas mailaren osagaiak aztertzen ari dira, milimetroka neurketak eginez, azken urteetan behatu den gorakadak jarraipena duen ala ez argitzeko. Azken batean, itsasoa datozen hamarkadetan noraino ailegatuko den aurreikusteko proiektua dute eskuartean. Horretarako, gune edo hirigune kalteberak aztertzen ari dira. AZTIko ikerlariekin mintzatu gara gehiago jakin nahian.