Biriatuko ikastola sustengatzeko, bertsoz bete da eliza

Antxeta Irratia 2018ko mar. 5a, 00:00

Hastapenean 5 ikaslerekin hasi zen ikastolak, 15 ditu bere hirugarren ikasturte honetan, eta beharrak handitzen doaztelarik, urtero arrakasta lortu duen ekimena da, Biriatuko eliza betetzen duen bertso saioa.

Baina Biriatuko Ikastola ez dago bakarrik. Azken bi urteetan, Ziburuko Kaskarotenia, Hendaiako Gure Ikastola eta Orereta Ikastolarekin abian jarritako «Zubiak Eraikiz» lankidetza akordioari esker, ikastolen komunitateen arteko elkar ezagutza ez ezik, sustengu ekonomikoa ere lortu baitute. Eta akordio berresteaz gain, Urruñako Ikastola ere gehitu zaie proiektuari ofizialki, atzoko izenpetzearekin.

Bide batez, joan den abenduan ekimen honen baitan antolatutako Benito Lertxundiren kontzertuaren irabaziak ikastolen artean banatzeko aprobetxatu zuten aukera Orereta Ikastolakoek, baita, «Zubiak Eraikiz» ekimeneko partaiderik txikiena, Biriatuko Ikastola sustengatu eta hurbiletik bizitzeko.