Hartu Hitzak jai giroan jasoko ditu sinadurak

Antxeta Irratia 2018ko mar. 2a, 00:00

Azaroaren 18an Irunen egitekoa den Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko herri galdeketari bermea emateko sinadura bilketa ondo hasi da. Hartu Hitza Iruneko kideak pozik daude bilketa izaten ari den erantzunarekin: atzoko egunez, 452 ziren baiezkoa eman diotenak, sinadura bidez, galdeketari. Baina gehiago nahi dituzte, 3.000ra iristea dute helburu.

Bide horretan, asteburu garrantzitsua izango da hurrengoa. Hala, Hartu Hitza Irunek Zabaltza plazan, Fermin Calbeton kalean, San Juan plazan, Luis Marianon eta Urdanibia plazan mahaiak jarriko ditu larunbatean sinadura gehiago biltzeko: 11:30etik aurrera egongo dira herritarren zain.

Jai giroko bilketa izango da asteburukoa. Larunbateko bost guneetan Zizurkilgo, Añorgako eta Villabonako erraldoiak, Kemen Dantza Taldea, txalapartariak, Irunabab Bertso Eskolako kideak, Txorimalo trikitixa taldekoak, edo Irungo Gure Esku Dago-k sortu duen kantu taldekoak ibiliko dira giroa jartzen. Denek elkarrekin gunetik gunera kalejira egingo dute.

Igandean ere jasoko dituzte sinadurak. San Juan plazan Muxikoen Eguna ospatuko dela baliatuko dute atxikimendu gehiago jasotzeko, 11:00etatik 13:30era.