EH Bildu eta SPI udal taldeek aurkeztutako mozioa aurrera atera zen atzoko udal osoko bilkuran, eta Santano eta Iridoy, PSE eta EAJren arteko liskarretan gertaturikoak argitze aldera, logika etikoak 25 zinegotzien baiezkoa emango zela pentsatzera eraman zezakeen arren, logika politikoa nagusitu zen atzo.
Jose Antonio Santano alkateak begirunez hartua zuen Ikerketa Batzordearen aukera ere, baina alderdi sozialistaren esku utzia zuen bozkaren erabakia. Eta azkenik, PSE eta PP alderdiak abstenitu egin ziren atzokoan. Gauzak honela, Ikerketa Batzordea guztien oniritzirik gabe, baina EH Bildu, SPI eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin onartu zen atzo.
Sozialisten abstentzioak ez du, dena dela, inor ezustekoan harrapatu. Baina Santano alkateak Hirigintza arloan jeltzaleek egindako lanaren gainean korrupzioaz mintzatu izana ukatu egin zuten sozialistek atzo mozioa bozkatu aurretik. Hirigintzan garden izateaz gain, horren irudikoa izan beharra dagoela nabarmendu zuen Miguel Angel Paezek, eta Si Se Puede Irun Ahal Duguri honakoa esan zion ere «alkateak ez duela sekulman korrupzioaz hitzegin, oso larria delako, baina EAJ %3aren alderdia dela eta beraz korruptoa dela, Josetxo Arrieta senatari irundarra eta PODEMOSeko kidea izan dela, Irungo udaletxean emandako prentsaurrekoan». Erantzun bat galdegin zien Si Se Puede Irun Ahal Duguko ordezkariei, baina etzuen erantzunik izan bozkatu aurretik
Edozein kasutan, sozialistek gogor mintzatu ziren atzo mozioa aurkeztu duten taldeen kontra. Eta EH Bildu eta SPI alkatea kanporatzeko baino ez dituztela indarrak batu leporatu zien.
EAJ alderdiak iragarri zuen, irundarrek errealitatea jakin dezaten tresna ororen alde egingo zuela. Eta Ikerketa Batzordea horietariko bat da, Xabier Iridoy esplikatu bezala, auzitegietan ireki duten bidearen ibilbide paraleloa egingo duena.
Hemendik aurrera, zerbitzu juridikoek zehaztuko dute Ikerketa Batzordea nola eta zein epeetan antolatuko den. Baina printzipioz mozioan onartutako baldintzetan eman beharko da. Hau da, udal talde politiko bakoitzetik bi kidek osatzea, bakoitzak bozka banarekin, batzordeetako bilerak publikoak izatea, herritarrentzako irekiak, eta 15ean behin bildu beharko direla.