Irungo Udaleko Euskara arloak, Euskararen Hilabetea ospatuko du urtero bezala, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Funtsean antzerki eta ikusgarri ezberdinek osatzen dute egitaraua, Haur Hezkuntza zein DBHko ikasleei zuzendutakoak. Baina gazteen mintzodromoa edota jende orori irekitako LaburBira laburmetraien zirkuituko emanaldi batekin borobilduko dute programazioa.
Euskara arloko teknikaria, Arantxa Zuletek esplikatu digunez, adin ezberdinei egokitutako antzerki obrak antolatu dituzte Amaia Kultur Zentroan. Bihar, txikienekin hasita. Horretaz gain, gazteen mintzodromoa ere antolatu dute, aurten DBHko 3. eta 4. mailako 263 ikasleen parte hartzearekin, bi egunetan, martxoaren 15 eta 16an egingo delarik, Mendibil merkatal-zentroko kafetegi gunean.
Aurtengo Euskararen Hilabetearen leloa, «Euskaraldiarekin bat» izan dadila erabaki dute, Irungo Udalak ere urte bukaerako Euskaraldia hamaika egun euskaraz ekimenarekin bat egiten duelako. Baina oraindik, hau Irun mailan nola bultzatu aztertzen ari direla aitortu digu Euskara ordezkariak.