Asier Zubiria Bidasoa-Irun eskubaloi taldeko atezainak kirol profesionaletik erretiroa hartuko duela jakitera eman zuen atzo ofizialki. Berez, denboraldi bukaera arte taldean ariko da, baina ez gehiago.
Emandako prentsaurrekoan esan duenez, denboraldi bukaeran ohar baten bidez komunikatzea zen bere asmoa. Eta joan den denboraldian iada, eskubaloia uztekotan egon zen. Baina Dejamovic atezaina joan zela ikusita, eta Ledo gaztea izanik, klubak galdegin zion urte bat gehiago segitzea, eskarmentua duelako.
Kontua da, urtarrilaren 30ean Rangel atezaina fitxatu zuela klubak, eta egoera berri horren aurrean, iada hartua zuen erabakia komunikatzea deliberatu du.
Joan den astean Jokoz Kanpo saioan izan genuen gonbidatu, eta 37 urte betetzera dihoan honetan, eta eskubaloiaren munduan txiki-txikitatik ibilia pozik dago egindako ibilbidearekin
Bidasoan bizitutakoak ere asko izan direla dio, ASOBAL Ligan jokatzeko aukera izan du besteak beste, eta askok igoera lortu zuteneko denboraldia gogoan badute ere, berak Puente Genilen kontra galdu eta zilarrezko mailan segitu behar izan zuten igoera fase hura da gordetzen du oroitzapen handienen artean. Sekulako balentria izan zelako, eta gerora ASOBALera igo eta gaur egungoaren hazia jarri zutelako.
Denbroaldi bukaeran utziko du taldea eta eskubaloia beraz, azken zazpi urteetan dena eman eta gero. Eta Ledo eta Rangel atezainak hor direla, seguruenik gutxi jokatuko du. Baina azken uneraino taldearen helburuekin pentsatzen du.