Irungo herria ere, pausua ematera doa

Antxeta Irratia 2018ko ots. 19a, 00:00

Gure Esku Dago herri ekimenaren baitan, azaroaren 18an Irungo herri kontsultaraino eramango gaituen egutegia aurkeztu zuten larunbatean Amaia Kultur Zentroan.  Erabakitzeko eskubidearen aldeko erronka babesteko, hiriko kultura, kirola, politika, sindikalgintza, enpresa zein gizarte mugimenduetako 50 pertsona ezagun bildu ziren talde argazki bat eginez lehen urratsa emateko.

Atzo Luis Marianon jarritako mahaietan bildu zituzten aurreneko sinadurak. Eta otsailaren 24an Oiasso Museoan, 25ean Urdanibia plazan eta martxoaren 3an, bost gune ezberdinetan mahaiak jarri ondotik, martxoaren 4an San Juanen ere jarriko dituzte. Izan ere, ekimena aurrera eraman ahal izateko, urtebete darama elkartea lanean, baina orain 63.000 biztanle dituen Irun hiriko 3.000 herritarren sinadurak behar dituzte bildu apirilaren 23a bitartean.

Sinadura bilketa burututakoan, herri kontsultan egingo den galdera zehazteko prozesu parte-hartzaile bat eginen da, maiatzaren 19a bitartean. Eta uda ondotik, kontsultaren kanpaina indartuko dute.

Zentzu honetan, Donostiak eta Irunek bat egin dute Herri Kontsulta azaroaren 18an antolatzeko, Gipuzkoako bi hiri populatuenen arteko sinergiak bilatuz, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ozen entzun dadin.

Herri kontsultak ilusioa piztu du, eta herritarren inplikazioa beharko da lanaren aldetik ez ezik, ekonomikoki sustengatzeko ere. Herri Kontsultaren antolaketak 60.000 euro inguruko aurrekondua eskatzen duelako, euro bana irundar bakoitzeko.

Hartu Hitzak bulego bat ere martxan jarri du Irungo hirierdian, Sargia parkearen aldamenean, Arbelaiz kaleko 3.ean. Xehetasun guziak www.hartuhitzairun.eus atarian dituzue.

Erlazionatuak