Torturaren aitortza, erreparazioa eta berriz ere gerta ez dadin bermeak galdegin ditu Kalera Kalerak Irunen

Antxeta Irratia 2018ko ots. 19a, 00:00

Berrehundik lagun inguru bildu ziren joan den larunbatean Irungo Urdanibia plazan, Kalera Kalera dinamikak torturaren aurka antolatu ekitaldi nazionalean. Euskal Herrian 4.113 tortura kasu egiaztatuak daudela oroitarazi ondotik, Espainiar estatuaren gerra zikinaren tresna sistematikoa salatu, eta Euskal Herrian bakea lortzeko, "torturaren aitortza, erreparazioa eta berriz ere gerta ez dadin bermeak" galdegin ditu ezker abertzaleak, bai eta hori lortzeko prozedura edo neurriak mahaigainean ezarri ere.

Ekitaldian, Jose Ernesto Schulman, Giza Eskubideen Aldeko Argentinako Ligaren idazkari nagusiak hartu zuen hitza. 40 urtez memoriaren, egiaren eta justiziaren alde borrokan aritu da eta dihardu Argentinan. Eta Euskal Herrian izan den lehen aldi hontan, "genozidio baten esistentzia sustengatzen duten zutabeetako bat", tortura dela azpimarratu du.

Eta gizakiaren kontrako delitua izanik ere, ikuspegi humanotik, "torturen biktimek zein torturatzaileek ere", euren gizatasuna galtzen dutela dio.