Zuhatzako udalekuetan aritzeko begirale boluntarioen bila dabil Betti Gotti

Antxeta Irratia 2018ko ots. 6a, 00:00

Azken 14 urteetan bezala, Zuhatzako Udalekuak antolatzen hasi da Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea. Eta haietan aritzeko begiraleen hautaketa prozesua abiatuko du, otsailaren 16an eta 17an, aurrez-aurreko bilera/elkarrizketen bitartez.

Udan 8-11 eta 12-15 urte bitarteko haur eta gazteen txandatan aritzeko izanik, urtero bezala, 18 urtetik gorako gazte euskaldun orori luzatzen diete gonbidapena. Betebeharreko baldintza bakarra euskalduna izan eta gazteen arteko harremanak euskaraz sustatzeko gogoa edukitzea baita. Izan ere, formakuntza elkarteak emango die udalekuen aurretik, udaberri hasieran Goizuetan egingo den elkarbizitza asteburu batetan.

Hortaz gain, begiraleak sarituak izango dira, eta Zuhatzako uharteko egonaldiak ez die deus kostatuko. Gainera, unibertsitate ikasketak egiten dituztenen kasuan, praktika gisa kredituak eskuratzeko aukera ematen die udalekuetan parte hartzeak.

Interesa duen orok, otsailaren 12a baino lehen jarri beharko du Betti Gotti elkartearekin harremanetan bgbegiraleak@gmail.com posta elektronikora idatziaz, edota telefono honetara deituz: 609 890 830