Mugikortasun jasangarria sustatzeko, Hondarribiko Udalak minibus zerbitzu baten bideragarritasuna aztertuko du

Antxeta Irratia 2018ko ots. 2a, 00:00

Udalak mugikortasun jasangarria sustatzeko eta garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin, herrigune eta auzoen artean ibiliko litzatekeen minibus zerbitzu baten bideragarritasuna aztertu nahi du orain. Egun, Hondarribiak duen garraio publiko bakarra, aldiz, Irunekin edota Donostiarekin lotzeko autobusak dira gaur egun. Hondarribia-Hendaia arteko udako autobusa eta txalupa zerbitzuekin batera.

Abenduaren erdialdean lehen aldiz bildutako Mugikortasun Mahaian horren inguruan mintzatu ziren. Eta orain, herritarrei inkesta luzatu die Udalak, otsailaren 15-a bitartean, minibus horren beharra ote dagoen argitzeko. Kalixa Silanez zinegotzia elkarrizketatu dugu, inkestaren arira.

Inkesta Udalaren webgunean ez ezik, hainbat leku fisikoetan ere aurki daiteke: BAZen, Hondartza Kiroldegian, Saindua Gaztelekuan, Gazteen Zerbitzuan, ARMA PLAZAn, Zuloaga Etxea Udal Liburutegian, Kasino Zaharra adinekoen etxean eta Kultur Etxean. 

Edozein kasutan, bakoitzari berea eman behar zaio, eta Abotsanitz udal taldeak azken bi urteetan mugikortasun jasangarriaren alde egindako lan eskergaz gain, minibus baten sorrera, PSE alderdi sozialistaren aldarrikapen historikoetako bat izan da Hondarribian, komun publiko gehiago ezartzearekin batera. Iosu Alvarez, sozialistak argi du minbusa beharrezkoa dela.