14.enez eginen du gure eskualdeak Sahararen Aldeko Euskal Karabanan bere ekarpena

Antxeta Irratia 2018ko urt. 18a, 00:00

Aste honetan zehar Irun eta Hondarribiko ikastetxe guztiek deialdia zabalduko diete ikasle eta familiei, heldu den urtarrilaren 22tik 25era produktu zenbaitzuk eskolara eraman ditzaten. Irunen, adibidez, gero Gurutze Gorriak bilduko ditu eskoletatik, eta jakin izan dugunez, San Vicente de Paul ikastetxeko 4. mailako ikasleek lagunduko dute paketeak prestatzen. Herritar orori deialdia, aldiz, urtarrilaren 26 eta 27an luzatu diete eskualdeko supermerkatuetan. 14. urtea da gure eskualdea Sahararen Aldeko Euskal Karabana horretan bere ekarpena egiten duela. Eta hasierako urteetan 6 eta 9 tona elikagai artean bildu izan zituztelarik, azken urteetan bizkoitu eta 18 tonatara ere heldu izan dira. Dena dela, laguntza oro ongi etorria izango da. Baita hilaren 26 eta 27an eskualdeko supermerkatuetan janaria biltzeko bolondres lanetan ere. Haiekin harremanetan jartzeko, 666 501 350 zenbakira deitu beharko duzue, edota tadamum@hotmail.es helbidera idatzi. Bukatzeko aipatu ere, udako Oporrak Bakean programa aurrera eraman ahal izateko, harrera familia berriak behar dituztela. 7 eta 12 urte arteko haur sahararrak basamortuko beroetatik aldendu eta Euskal Herrira etorri ahal izateko familiak ezinbestekoak baitira, eta Irun-Hondarribian eskax ibili dira azken bi urteotan. Gogoan hartu, harrera familia izateko eskaera egiteko azken epea, martxoaren 31a dela.

Miren Olaskoaga, Tadamum elkarteko kidea