Pasa den ostiralean, aurrera atera ziren aurrekontuak Irungo Udal gobernua osatzen duten Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalearen baiezko botoekin. Hauei alderdi popularraren bi baiezkoak gehitu behar direlarik. Si se puede irunek eta EH Bilduk ezezko botoa eman zuten.
Ia 76 milioi euroko aurrekontua adostu zen, 2018rako. Horietatik 353 mila euro oposizioaren zuzenketatik datoz. Ez zen osoko emendakinik izan eta oposizioak aurkezturiko 56 emendakinetatik, 22 onartu ziren.
Nabaria izan zen udal kontseiluan aurretik gauzaturiko negoziazioak. Izan ere, oposizioak aurkezturiko zuzenketetatik 26 emendakin erretiratuak izan ziren udalbatzan bertan. Miguel Angel Paez Ogasun zinegotziak bestelako bideen bidez, emendakin hauek aztertzeko konpromisoa hartu zuelarik.
Alderdi popularraren 5 zuzenketa onartu ziren, 10 erretiratu zituen eta beste 5 udalbatzak ukatu zituen. 125 mila euro gehitu ditu udalbatzak aurrekontuetan. Horietako 55 mila arrisku sozialeko etxeak erreformatzeko edo 25 mila euro Zubimuxu errotonda alboan, Hondarribia kale hasieran, semaforo bat jartzeko.
Si Se Puede iruni dagokionez, 9 zuzenketa onartu ziren, 8 erretiratu eta bakarra udalbatzak baztertua izan zen. Guztira, 131 mila euro gehitu zituen Si se puede irunek. Horietatik 15 mila euro udal eraikinen energia kontsumoa aztertzeko eta 20 mila euro berdintasun planari gehitzeko.
EH Bilduk aldiz, 8 emendakin onartzea lortu zuen, beste zortzi erretiratu zituen udalbatzan bertan eta 2 zuzenketa ukatu zituen udalbatzak. Aurrekontuei 97 mila euro gehitzea lortu ditu talde abertzaleak. Horien artean Irungo etxe hutsei buruzko ikerketa bat, 10 mila euro paisai linguistikoa hobetzeko eta zortzi mila euro memoria historikoari buruzko beka bat sortzeko.
Bestalde, Miguel Angel Paez-ek 50 mila euroko zuzenketa bat aurkeztu zuen etorkizuneko autobus geltokiarentzat. Azkenik, 10 mila euroko zuzenketa sinbolikoa adostu zen Plaiaundiko kirol pisten lekualdatzea burutzeko. Xabier Iridoy hirigintza zinegotziaren esanetan, pisten lekualdatzea gabonetako oporren ostean jorratuko da.