Greba eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Udazken Beroa mugimenduaren baitan, orain arteko mobilizazioak ELAk, LABek eta STEILASek antolatu dituzte, baina CCOO eta UGTk bat egin dute gaurko deialdi orokorrarekin.
Izan ere, aurrekoetan ez bezala, hezkuntza arloko sektore guztiak deituak dira greba egitera, murrizketen kontra. Irakaslegoa ez ezik, laguntzaile, jangeletako langile, garbitzaile, haur eskola eta hezkuntza arloko langile guziak.
Irakasleen prekarizazioa nabarmena izanik ere, gainerako sektoreena, are eta okerragoa dela nabarmendu dute sindikatuek. Eta genero ikuspegia nabarmendu dute, heziketa eta haurren zaintza arloko lan prekarioenak emakumeak hunkitzen dituelako.
2009tik hona, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoan egindako 109 milioi euroko murrizketek, Europako trenaren azken bagoian jarri gaituela diote sindikatuek.Gogoan hartu, soilik irakalegoari dagokionez, 1.800 postu gehiago beharko liratekeela, eta 900 gela berri ireki, urteotan eman den 27.000 matrikulazioen emendatzeari aurregiteko. Era berean, behin-beinekotasuna ere salatzen dute. Kontua da behin-behinekotasunari buruz datuetan ere ez daudela ados bi aldeak. Jaurlaritzaren arabera, %27koa da behin-behinekotasuna, eta %17ra jaitsiko da; sindikatuen esanetan, %38koa da, eta %25era jaitsiko da. Gure eskualdean, Hezkuntza premia bereziak dituzten hezkuntza laguntzaileen %100ak egingo du greba gaur, eta irakasleen %90 inguru Txingudi Ikastolan, eta %80tik gora Hondarribiko Talaian. Jangela zerbitzuetan izango du eragin ttikien, AUSOLAN enpresako langileak izanik, Dunboa ikastetxean bereziki, jakin izan dugunez. Dena dela, datu zehatzagoak emango ditugu sindikatuek goizean zehar definitiboak bildu ahala.
Xabier Irastortza, ELAko Euskadiko Hezkuntza arduraduna