Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokaren 12. edizioa asteburu honetan ospatuko da

Antxeta Irratia 2017ko abe. 4a, 00:00

Ficoban dena prest dute iada, heldu den ostiralean, Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokaren 12. Edizioari ekiteko. Joan den urtean 16.000 bisitari baino gehiago jaso zituen, eta aurten hiru pabilioiak beteko dituzte, haur, gazte eta helduentzako jarduerekin eta kontsumorako eskaintza zabal batekin. Monika Alday, Ficobako arduradunaren arabera, Eguberrietako Azoka Ficobaren osasun onaren irudikoa da aurten. Horrez gain, aurtengo nobedade nagusia, umeentzako zibersegurtasunari buruzko 50 metro karratuko gunea izango da, INCIBE erakundeak antolatuta. Umeei Interneta ondo erabiltzen irakasteko helburua duena. Eta tailer pedagogiko eta joko-didaktikoez gain, elkartasunerako tartea ere eskainiko dute ELKARTUZ gunean. Azoka irekita egongo den ordubetero, sari bana zozketatuko dute. 50 sari guztira.

Bestalde, aurtengoan ere, Irungo Udalak lagunduta hiriko 12 establezimenduk osatutako bertako komertzioaren erakuslehio bat egongo da. Eta azoka orokorraren baitan ere, aipatu ditugun 126 postuetatik 7 irundarrak eta beste bi hondarribiko dendatakoak dira. Edozein kasuetan, urteko azokarik kontsumistena dela ahantzi gabe. Gipuzkoako Artisauen Biltzarra osatzen duen Gabiltza elkarteak ere bere gunea izango du. Arantxa Pascual da bertako ordezkaria, eta Eguberrietako Azoka honetan zer eskainiko duten esplikatu digu. Bere elkarrizketaz gain, Monica Aldayen hitzak ere entzungai dituzue.