Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak daraman Hezkuntza Publikorako politika ez dela batere egokia salatzeko, ELA, LAB eta STEEILAS sindikatuek greba eguna deitu dute gaur. Irakaslegoaren %80 inguruk bat egin du EAEn greba mugimenduarekin. Eta ikasturte honetarako "Udazken beroa" iragarri zutelarik, heldu den abenduaren 12an hezkuntzako arlo guzietako langileen greba deitu dute.
Behe Bidasoa eskualdean ere, nabarmena da grebaren eragina. Irunen, Txingudi Ikastolan esaterako, (1.500 ikasle dituelarik hezkuntza zentrorik handiena izaki) irakasleen %80etik gora bat egin dute grebarekin. Eta Hondarribian, Talaiako zentro ezberdinetan, %70ekoa da greba segimendua. Zaintza lanak baino ez dituzte bermatu ahalko zerbitzu minimoetan.
ELA sindikatuko Hezkuntzarako arduraduna, Xabier Irastortzarekin mintzatu gara. Eta esplikatu digunez, Hezkuntza Publikoan inbertsioa Europako apalenetakoa da EAEn (soilik Errumaniaren aurretik). 2010az geroztik, matrikulazioak 27.000 ikasletan emendatu badira ere, irakasle postuen kopurua ez da tamaina berean handitu. Gaur egun, beharrezkoa baino 1.800 irakasle gutxiago bada EAEn, ikasle-ratioak emendatu behar izan direlarik. Eta egungo eskola publikoaren aniztasuna eta ikasleen beharrak hasetzeko nekez aritzen direla irakasleak.
Era berean, irakaslegoaren behin-behinekotasuna %38koa dela, eta irakasleen ordezkapenak astebete atzeratu ohi izatea ere, ez dela onargarria. Ikasleen eskola jardunean ez ezik, ikastetxeetako lanaren antolaketan zailtasunak eragiten dituelako.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!