CGT sindikatuak atzo deitu zuen greba deialdiarekin Hendaia eta Baionako tren gidarien %84ak bat egin du gaur. Eguerdi hontan berandu hasi dute asanblada, eta bertan ziren Hendaiako tren geltokian grebalariak mugimenduari zer segida eman deliberatzeko.
Asanblada bukatu aitzinetik ere, Juliene Delaye, CGT sindikatuko langileen ordezkariarekin mintzatu ahal izan gara. Erran digunez, zuzendaritzak negoziazioaren ateari ideki ezean, grebarekin segitzea egunetik-egunera bozkatuko dute asanbladan bozka sekretu bidez. Orotara 11 tren gidarien lanpostuak desagertzeko arriskua dagoela salatzen dute. Juliene Delayek esplikatu digunez, “greba SNCFak proposatzen dien plan sozialarekin ados ez daudelako deitu dute, Hendaia eta Baiona artean, egungo 79 tren gidarietatik 6 abenduaren 10erako kendu nahi dituztelako, eta beste 5 apirilean. Eta gidarien %84a ez dago prest, murrizketa horiek onartzeko, ezta horren ondorioz bidaia eta lan ordu gehiago egin behar izateko ere.” Anartean, gaurko greba egunean Hendaia-Akize arteko TER zerbitzuak blokatuak dira, eta autobusez ordezkatu ditu zerbitzu minimoak SNCFak. Eta Hendaia-Bordele arteko zerbitzuetan ordubeteko gibelapenak ematen ari dira, Arkaxoneko geltokiko xeminotek bermaturik. Dena dela, zerbitzu guzietan eragina du greba mugimenduak. CGTko delegatuaren arabera, xeminoten %84a mobilizatua baita.
Momentuz, asanblada ez dute finitu, baina SNCFeko zuzendaritza ez da mementukotz negoziaziorako prest agertu. Eta gogoan hartu, horren arabera, egunero bozkatuko dutela greba mugagabeari amaiera jartzea ala ez.