Fundazioaren jardunaren proiekzio falta detektatu dute, eta komunikazio plan baten beharra. Ikei enpresak egin du ikerketa

Antxeta Irratia 2017ko aza. 21a, 00:00

Joan den astean Arma Plaza Fundazioaren ibilmoldeak oposizioaren eta udal gobernuko EAJ alderdiaren artean, jarrera kontrajarriek eragindakoen ondotik, Txomin Sagarzazu alkate eta fundazioko presidenteak iragarri zuen, aste honetan berean, Arma Plaza Fundazioaren gogoeta estrategikoa eta eragin sozialaren azterketa aurkeztuko zutela. Urte hastapenean erabaki zuten azterketa egitea, eta otsaila eta ekaina bitartean egin du IKEI ikerlan enpresak. Txostena datozen orduetan www.armaplaza.eus webgunean eskura izango dute herritar guziek. Ikerketa alor ezberdinak jorratzen ditu. Batetik, Arma Plazaren bost urteotako ibilbidearen memoria gisa, datu kuantitatiboak biltzen dituena, baita alde ekonomikoa ere. Eta alderdi kualitatiboa bestetik. Bien artean ondorioak atera dituzte, ondo egin diren gauzak eta hobetu beharrekoak zehazteko. Nere Zaldua, IKEIko ikerlariak esan duenez, jarduera eta datu ekonomikoak ikusirik, lehen ondorio nagusia da Arma Plaza oraindik bermatze bidean dagoen egitura dela. Hau guztia bermatzeko, Arma Plazak 396.000 euroko aurrekontua izan du 2017 urte honetarako. Horietatik %86a Udalak diruztatua, %11 turismo bulegoko salmentak eta bisita gidatuen diru-iturrietatik bilduta, eta %3a dirulaguntzetan. Bestalde, etorkizuneko erronkak eta hobetzekoak zeintzuk diren jakiteko, azterketa kualitatibo bat ere egin dute. Hala beraz, fundazioaren jardunaren proiekzio falta detektatu dute, eta komunikazio plan baten beharra. Eta Udala eta Fundazioaren arteko banaketa ez dagoela argi. Era berean, Arma Plaza Fundazioaren oinarrizko helburuaren haritik, ondare historikoaren kontserbazio eta balioeste proiektuak zerrendatu eta plangintzatu beharra ere agerian geratu da azterketa honen arabera.


 

Nerea Zaldua IKEI enpresako ordezkariaren hitzak bildu ditugu