Hondarribiko oposizioko lau udal taldeek indarrak bildu dituzte, Arma Plaza Fundazioaren bost urteotako ibilbide okerra salatzeko, eta halabeharrez erakundearen funtzioak eta norabideak berbideratu beharra exiijitzeko.
Azken urteetan zalantzak piztu dituen kudeaketari buruzko informazio gabezia ikusirik (herrian samina eragin duen Mariñel itsasuntziaren azken afera barne), joan den irailaren 21eko batzarrean Miren Aierbe udal arkeologa eta Arma Plazako koordinatzailearen kargugabetzea eskatu zuten. Txomin Sagarzazu alkate eta fundazioko presidentearen ezetza jaso dute hilabete luzeko barne-hausnarketaren ondotik (Miren Aierbe langileari babesa agertu zion Antxeta Irratian urriaren 19an).
Azkenik, erabakia onartu ez, eta Arma Plazako patronukide gisa, batzarretan ez parte hartzeko erabakia hartu dute Abotsanitz, EH Bildu, PSE eta PP alderdietako ordezkariek. Haien esanetan, "Udal Gobernuak duen gehiengoaz abusatu ondotik, kudeaketa honen zikloa agortuta dagoelako" eta "kudeatzailearekin galdutako konfidantza kontuan hartuta koherentzia agertu nahian".
Diru publikoz hornitzen den fundazio pribatua dela oroitarazi dute, eta egungo koordinatzailea ez zela estatutuek agintzen duten bezala, prozedura publiko bidez kontratatu.
Oposizio-kideekin mintzatu gara, Arma Plaza Fundazioko arduradunei, eta beraz, Hondarribiko Udal Gobernuan den EAJ alderdiari egiten dioten plantoari buruz.
Arma Plaza Fundazioko gainerako patronukideek, (denak EAJ-PNVko kargu publikoak), azken orduan deituriko prentsa agerraldi bat egingo dute ostiralean, Arma Plazari buruz egin duten hausnarketaren berri emateko.