Ander Sarratea "Ficobak duen gastua baino askoz ere ekonomia gehiago sortzen du"

Antxeta Irratia 2017ko aza. 10a, 00:00

LKS Aholkularitza enpresak Ficoba erakustazokaren jardueraren inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko azterketa egin du, jakiteko, 2003. urtean ateak zabaldu zituen, eta orotara 20 milioi euroko inbertsioa eskatu duen Ficobaren proiektua noraino ezaguna den batetik, eta nolako eragin ekonomikoa sortzen duen eskualdean, Gipuzkoa, Euskadin eta kanpoan ere. Aduana zaharreko lursail hura, kamioien aparkaleku prekario bat izatetik, erakustazoka martxan jartzera pasa, eta lehen urtean 76.000 bisitari eta 81 ekitaldi antolatu ziren bitartean, joan den urtean 247 ekitaldi izan ziren, 138.000 bisitari erakarriz. Ikerketa horren arabera, gaur egun Ficobaren urteko aurrekontu gastua, 1,4 milioi eurokoa izanik, soilik inpostuetan 5 milioi eurotik gora uzten ditu Gipuzkoako Ogasuneko kutxan inpostuetan. Antolatutako azoketan bisitari eta erakusketariek 7,3 milioi euroko negozioa mugitu zuten iaz, eta bisitari horiek Ficobatik kanpo, beste 8,6 milioi euro gastatu zituzten eskualdean. Ander Sarratea, Ficobako gerenteak argi du beraz, Ficobak duen gastua baino askoz ere ekonomia gehiago sortzen duela. Zentzu honetan, Ficobako Patronatukide diren Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuarekin konpromisoa berretsi dute. Eta aldundiaren kasuan, 200 milioi euroko lau urteko plana duelarik, ekonomiaren reaktibatzeko, eta Antton Tomasena, aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariaren arabera, Ficoba giltzarri izango dela nabarmendu du, mugazgaindiko izaera duen heinean. Aipatutako azterketak, inpaktu soziala ere neurtu du. Batetik, Euskadin 222 enplegu bermatzen dituela ondorioztatu dute, eta horietatik 80 lanpostu inguru Bidasoa eskualdean. Eta ekonomikoki, Donostiako Zinemaldiak sortzen duen aberastasunaren parekoa da Ficobak eragiten duena, azterketen arabera. Eta herritarrek Ficobari buruz duten ezagutza neurtuta, Donostiako Kursaalen parekoa da gipuzkoarrek Ficobaz duten ezagutza. Herritarren %63ak baitaki zer den Ficoba, Donostiako Kursaal %70ak ezagutzen duten bitartean. Proiektua are gehiago garatzeko aukera baduela diote, Ipar Euskal Herriko eragile eta herritarrei begira. Hala, Gipuzkoan egin duten Ficobaren ezagutza mailari buruzko inkesta Iparraldean egiteko asmoa agertu dute.