Asteburuko ekaitzak Hendaia kaltetu du gogorren

Antxeta Irratia 2017ko aza. 5a, 00:00

Larunbatean 53 litro metro karratuko bota zituen epe labur batean, eta kaino-zuloek gainezka egin zuten eskualdeko leku askotan. Irunen, Palmera-Montero gizarte zentroan, lur-azpian dagoen BM supermerkatuak gainezka egin zuen, Mondragon Unibertsitateak baliteke gaur ez idekitzea, eta besteak beste bertan egoitza duen Atzegiko Txolartek ere, egoitza itxi behar izan zuen ura sartu zelarik. Izan ere, Palmera-Montero gunearen atzeko Urantzu kalearen hasiera gainezka egin zuen, hainbat etxe hunkituta. Santiago kalean eta Junkale elizaren aldean berdin, eta Stadium Gal inguruko etxeetan ere ura sartu zen, kalea putzu bilakatua. Eta berdin Behobia zein Urdanibia plaza inguruko hainbat lekutan. Okerrena Hendaiak eraman du, halere. Tximista batek Geltoki pareko farmaziaren gaineko tximinia jo zuen, erditik puskatu eta kalera erori. Oraindik ere, mugatik Hendaiako norantzan errail bat moztuta dagoelarik. Eta euriak azkarki jo zuelarik, karrika anitz urez gainezkatu ziren, eta suhiltzaileek 30 bat ateraldi egin behar izan zituzten.Hendaiako etxe askotan ura sartu bazen ere, okerrena Bakartier auzoa eta Beltzenian ukan zuten, Hirierdiko zein Boulevard de Empereur delakotik behera, bailara osoko urak han bukatzen baitute.  Hala, ura sartu zen soto eta komertzio batzuetan, eta Pellot biribilgunea eta Beltzeniako aparkalekuan, urak 40 bat zentimetroko maila hartu zuen. Hendaiar batzuk aspertuak dira, ur-gainditze horiek behin baino gehiagotan jasan behar izan dituztelako. Eta Lyonnaise des eaux enpresaren hutsak gaitzetsi ditu Benito Zubeldia hendaiarrak. Bere ustetan, uraren kenztzeko ponpatze-sistemak ez dute ongi funtzionatu. Orain kaltetutako etxeen jabeek asurantza etxeei parte eman beharko diete, baina bizilagunek diote, Euskal Hiri Elkargoak edota Lyonnias des Eaux enpresak hartu beharko luketela kalteen ardura bere gain. Gaur bertan, bilkura eginen dute Herriko Etxea eta Lyonnais des Eaux enpresarekin egoera aztertzeko. Edozein kasutan, 53 litro metro karratuko, itsaso handiarekin bat egin zuelarik, Hondartza auzoan ere kalteak eman ziren Hendaian. Kotte Ecenarro auzapezak bilan txiki bat egin digu. Entzun dituzue Ezenarro alkatea eta Zubeldia Hendaiarra. Gainerakoan, ur erauntsiaren ondorioz, Hondarribiko aireportuak lau hegaldi Iruñeara desbideratu behar izan zituen larunbata arratsaldean. Hainbestekoa izan da ur jasa, kiroletan, Hondarribia Futbol Elkarteak bertan behera utzi behar izan zuela larunbateko partida, Touring-en kontra. 1 eta 0 irabazten zihoazten Ondartzan, lehen zatian euri erauntsiengatik bertan behera utzi zutenean.