Joan den astearte goizean Irungo errepide nagusiaren bazterrean, sasi-tartetan aurkitu zuten 24 urteko neskak Donostiako Ospitalean hobera egiten duen bitartean, Ertzaintzak ikerketa lerro guziak zabalik mantentzen ditu.
Estefania Beltran de Heredia, Segurtasun edo Herrizango sailburuak
Koma egoeran aurkitu zutela esan bazen ere, konortea galduta eta goiz hartan hotz egin zuelarik, hipotermiak jota zegoen eskuz eta oinetatik lotuta. Ertzaintzak ez du argitu oraindik drogatu ote zuten ala ez.
Dena dela, 24 urteko neska irundarra dela jakin ahal izan da, eta Mendibil izeneko parkearen baranda batetik behera jaurtia izan zela, errepide nagusiko ezpondaren sasietan bukatuz.
Agertutako parkearen aldamenean bizi da, bere ahizparekin. Eta adimen urriko pertsonen hezitzailea da Irungo ASPACE erakundearen egoitzan. Asteartean goizeko 10:30etan sartu beharra zuen lanera, baina ez zuen laneko arropa jantzia aurkitu zutenean. Izan ere, hurbilekoengandik jakin izan dugunez, egun hartan goizean goiz edo gaueko ordu txikietan atera zen etxetik, dokumentaziorik eta telefono portablerik gabe. Entzumen arazoak dituelarik, erabili ohi duen audifonoa ere ez zuen aurkitu zutenean. Ordu horietan zergatik edo norekin topatzeko irten zen ikertzen ari dira orain.
Txirrindulari batek ikusi zuen sasi tartean, Irungo errepide nagusiaren bazterretako ezpondan dauden sasi-tartetan, Mendibil parkearen azpian. Ertzaintzaren komisaldegitik 600 metrotara baino ez dago leku hori.
Ertzaintzak ikerketa lanak zabalik mantentzen ditu, eta datozen orduetan argitu daiteke gertaturikoa.
Bien bitartean, arratsaldeko 19:00 hontan hirierdiko Zabaltza plazan gertaturikoa gaitzesteko elgarretaratzea deitu du Irungo Udalak.