Dabiltzan Hiriak V. Kongresua egiten ari dira Ficoban

Antxeta Irratia 2017ko urr. 27a, 00:00

500 lagun inguru hurbildu ziren Ficobara atzo, Enpleguaren XX. Astean eskainitako 120 lanpostuetako bat lortzeko itxaropenez. Gaur, aldiz, Iberiar Penintsulako udalerri ezberdinetako ordezkariak bildu dira Ficoban. Ibiltzen Diren edo Dabiltzan Hiriak V. Kongresua Irunen ospatzen ari baita. Atzo arratsaldez egin zuten irekiera ekitaldia. Baina jardunaldia gaur da Ficoban. Goizeko 9:30etan hasi eta atsaldeko 18:00etan itxi arte, hainbat adituk hitza hartuko dute, Iberiar Penintsulako esperientzia ezberdinen berri emateko. Bertan, hiria oinezkoentzat atsegin eta apropos egiteko beharrezkoak diren irizpideak landu dituzte, herri ezberdinetan abian jarritako neurriekin. Hala, oinezkoen segurtasuna, mugikortasun jasangarria edota hiriko trafikoa arintzeko ekintzak aztertzen ari dira. Irunen, 30 kilometro orduko abiadura mugarekin urratsak eman dira. Baina bereziki, oinezkoei leku egiteko hartutako neurriak dira aipatu dituztenak. Are gehiago jakinda, oinezkoen segurtasunaren ikuspegitik, hirigintzan generoaren irizpidea eta emakumeen segurtasuna Hirigintza Plan Orokorrean txertatzen aurreneko Udala izan dela, Hego Euskal Herrian. Honi buruz mintzatu da goizeko lehen hitzaldian Naiara Zabala, Irungo Udalaren izenean. Bera baita azken urteetan, hirigintza planeamenduko udal arkitekta gisa lanean ari dena.