Berreraikitze obrek 5,8 milioi euroko kostua izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du ehuneko ehunean.Hendaiako topo geltokiak, batez bestean, 700.000 erabiltzaile jasotzen ditu urtean. Joan den udan, adibidez, 130.000 izan ziren soilik abuztuan. Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, geltokia berritzearen beharra nabarmendu eta proiektua azaldu digu goiz hontan bertara egindako bisitan. Aldaketa nabarmenena anden edo nasen bikoiztea izango da. Zabaleran lau metro eta beste tren bat aparkatzeko lekua izango baitu. Iragarri duenez, ez du esan nahi honek maiztasunak handituko direnik, baina aukera emango du behar izanez gero. Egun, Hendaiako topo geltokiaren azalera 84 metro karratukoa da, eta lanen ostean 198 metro karratutako geltokia izatera pasako da. Lanak heldu den urte hasieran abiatu nahi dituzte, eta 14 hilabete iraungo dutenez, Tapia Sailburuak iragarri du 2019ko uztailerako prest egotea espero dela.