Arma Plazako koordinatzailearen kargugabetzea eskatu du oposizioak, Mariñel ontziko istripuaren kudeaketa ilunagatik

Antxeta Irratia 2017ko urr. 19a, 00:00

Hondarribiko oposizioak bere osotasunean Arma Plaza Fundazioko koordinatzailea den Miren Aierbe udal-arkeologoaren kargugabetzea eskatu du. Azken urteetan emandako hainbat gertaera direla medio, eta bereziki, Mariñel arrantza ontzian "gertatutako istripuaren kudeaketa ilunagatik" haren lanarekiko konfiantza galdu egin dutela diote.

Gogoan hartu behar da, ekainaren 29an Mariñel ontzian izandako istripuan jasandako zaurien eraginez, Enrike Lekuona Sustraiako boluntarioa hil egin zela aste batzuetara.

Arma Plazako patronukide diren oposizioko ordezkarien arabera, Miren Aierberen portaera ez da egokia izan. Besteak beste, "istripuaren gaineko informazioa ukatu izana, bileretan esandakoak aktetan behar bezala adierazi ez izana, eta, erakundearen ardura onartu ordez, istripuaren ardura Sustraia elkarteko boluntarioei leporatu nahi izana" egozten diote.

Jakinik ere, boluntarioak Udalaren jabetzako arrantzontzian, eta Arma Plazaren ardurapeko proiektuan lanean aritu izan direla 2012az geroztik ontzia zaharberritzen, dirudienez, behar segurtasun neurririk gabe. Istripua eman zelarik ere, Udaltzaingoaren partea ez dela epaitegian entregatua izan baieztatu ahal izan du oposizioko PP udal taldeko ordezkariak.

Gauzak honela, Arma Plazako koordinatzailearen kargugabetzea eskatu dute irailaren 21eko batzarrean. Abotsanitz udal taldeak, iraila hasieran iada eskatu zuen batzar hori egitea. Eta azkenik, oposizioko kideen ultimatum gisa burutu zen batzar hori. 

Igor Enparan, Abotsanitz-eko bozeramalearekin mintzatu gara dimisio eskaerari buruz. Bai eta, Arma Plazako presidente den Txomin Sagarzazu alkatearekin ere. Honek, gertakizunen eta egoeraren larritasunaz jabetu direla, eta gauzak argitzeko behar prozedurak martxan direla dio. Baina bitartean, udal langileari elkartasuna adierazi dio, errealitateak kontrakorik esan artean bederen.