Mintzalaguna martxan da Hondarribian

Antxeta Irratia 2017ko urr. 4a, 00:00

Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute Hondarribian. Urriaren 14a bitarte duzue horretarako aukera. Jakin, 5.edizioa dela aurtengoa eta ohi denez,

Udalak  Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean  antolatzen duen egitasmoa dela, herrian euskararen erabileran eragiteko. Harrera oso ona izan du azken urteetan, iaz, 13 talde osatu ziren  eta kopuru hori handitzen jarraitzen saiatuko dira  ikasturte berri honetan.

Iaz gainera  pauso bat gehiago eman zen eta Gurasolaguna abiatu zen, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeen babesarekin. Gurasolaguna, espresuki gurasoei zuzenduriko mintzapraktika egitasmoa da, ikastetxeetako gurasoak biltzen dituen mintzalagunaren aldera. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua. Antolatzen diren ekintzak ere gurasoei edo familiei zuzendurikoak izaten dira.

 

Hauek dira izena emateko bideak:

 

- Hondarribiko Udal Euskara Zerbitzura joz: Pampinot 12-14

- e-postaz: mintzalaguna@hondarribia.eus

- internet bidez Udaleko webgunean ( http://www.hondarribia.eus ) edo https://labur.eus/hondarribia helbidean

 

Jakinarazi azkenik aurrez aurre taldeetan biltzeko aukerarik ez dutenentzat badela mintzapraktika egiteko beste modu bat, Mintzanet.  On line euskara praktikatzeko aukera da eta internet bidez egiten dira saioak bikoteka. Kasu honetan izen ematea  (http://www.mintzanet.net/sartu.php webgunean egin behar da.