Irungo udal aurrekontu partehartzaileen prozesua auzo elkarteen desadostasunekin hasi da

Antxeta Irratia 2017ko ira. 15a, 00:00

Irungo Udalak proposatutako Udal Aurrekontu Partehartzaileen prozesua abian da. Iaz bezala, eta 2015az geroztik ekimena estreinekotz aurrera eramandako ildo beretik, 1,5 milioi euro bideratuko ditu Udalak herritarrek proposatu, eztabaidatu eta ondoren bozkatutako proiektuak diruztatzera. Horietatik 200.000 euro gazteen proiektuetara zuzenduak.  Horietatik 1,3 milioi euro aurrekontu orokorren bizkarrera, non 16 urtetik gorako irundar orok parte har dezakeen. Eta beste 200.000 euro, espreski, gazteei zuzendutako ekimenetara zuzenduko direnak. 16 eta 30 urte arteko gazteek aurkeztu eta bozkatuko dituzten proiektuetan.

Asteazkenean egin zuten aurreneko bilkura publikoa. Palmera-Monteroko gizarte zentroan 50 lagun inguru bildu ziren. Eta bost proiektu adostu zituzten bozka fasera pasatzeko. Haien artean, babes gehien jaso zituenak, 42 bozkarekin, Artia auzunean, Dario de Regoyos eta Pio Baroja lotuko dituen igogailu bat jartzea. Behobiako Juan Thalamaseko autobús geltokia, Maria Junkal Labandibarreko lehengo gasolindegi zaharra zegoen lekura aldatzeko estudio bat egitea, edota Junkal plazatxoa berritzeko proiektua erredaktatzea, harresiak birgaituz. Bilkura horretan, aldiz, ez ziren hainbat auzo elkarteetako ordezkariak presentatu. Izan ere, Oiasso 2000 auzo elkarteen federaziotik kexu dira, prozesu partehartzaile honek ez dielako hiriak dituen beharrei erantzuten, uharteak bezala, kolektiborik indartsuenek proposatuak eta bozkatuak diren beharrei baizik. Horrela pentsatzen dute Landetxa-Katea auzo elkartean. Eta kolektibo gisa ez dute prozesua sustatuko.

Anartean, 2018ko Udal Aurrekontu Partehartzaileen prozesuak aurrera darrai, eta bigarren bilera, Leka Enea ikastetxean egingo dute, irailaren 18an, astelehenarekin.

Maider Martiarena katea auzo elkarteko kidearekin hitz egin dugu