Emakume bertsolariak omendu ditu Jaizkibel konpaniak

Antxeta Irratia 2017ko ira. 4a, 00:00

Bertsolaritzan gizarteak berdintasunaren bidetik eman urratsa eta emakumeek izandako garapena, Hondarribiko Alardean ere eman dadin irudikatu nahi izan dute. 

Hondarribia ezaguna da, besteak beste, iraileko alardean emakumeen partehartzeko eskubideari buruz sortzen diren kalapitengatik. Bide horretan, emazteak soldadu desfila dezaketen Jaizkibel konpainiak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria banatu zuen larunbatean hirugarren urtez.

Jaizkibel konpainiaren aurtengo lehen entsegua izan zen larunbatean, eta atsedenean, Berdintasun Saria banatu zuten, aurten Emakume Bertsolariak omendu nahian. Sariaren xedea gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egin eta egiten duten pertsona eta kolektiboak saritzea delarik, iaz, Iruñeako herriak jaso zuen bestetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun tinkoagatik. Eta lehen edizioan, Tolosako Udaberri dantza taldea sariztatu zuten.

Aurtengoan, aldiz, emakume bertsolariak izan dira kolektibo gisa omendutakoak. Azken 25 urteetan emakumeek bertsolaritzaren munduan plazara ateratzeko eman dituzten urratsak, eta izan duten garapen azkarraren aitortza gisa. 

Jaizkibel konpainiak 20 urte betetzen ditu aurten. Eta urtetik-urtera jende gazte gehiago sartzen delarik, lehengo borrokari jarraitzeko odolberritu ditu konpainiako aginteak. Bost urtez kapitain izan duen Izaskun Larruskainek lekukoa pasa dio Oihana Etxebarrietari.