Hondarribian egin du gaua Paxkal Elgartek presoen alde igerian Getxotik Baionarako bidean dela

Antxeta Irratia 2017ko uzt. 13a, 00:00

Joan den larunbatean Getxon abiatutako 86 mila nautikoko abenturaren azken txanpan sartua da Paxkal Elgart amikuztarra, eta gauez, Hondarribian hartu du atseden. Bardako etapa Donostia eta Hondarribiaren artekoa, gogorra, Jaizkibelgo itsasbazterreko korronteen kontra igerian ibilkia, berantarekin eta nekaturik lehorreratu zen Hondarribiko Kai Berrian. Eta han, SAREk deiturik, 50 bat herritar zituen ongi etorria emateko gogaitatzen.

Mediku batek amikuztarraren osasuna aztertu ondotik, Hondarribiko Muara elkartean afaldu zuen, bere erronkari buruz hondarribitarrekin partekatuz. Portuz-portu herritarren sustengua atxeman du Paxkal Elgartek euskal itsasbazterrean aitzina egin ahala.

Euskal presoek bizi duten egoerari buruz harreta piztu, eta haien alde dirua biltzeko xedez, nekeak jota bada ere, proiektua bururaino eramanen duela erran zaukun Paxkal Elgartek, oinak Hondarribian pausatu, eta hatsa hartutakoan. 

Gaur Hondarribiatik abiatu eta Miarritzeko Portu Zaharreko hondartzara ailegatuko da 18:00ak aldean, eta bihar bukatu du, Baionako Pont Grenet zubitik eta Aturritik gora igerian Zizpa Gaztetxean antolatua den gaualdiarekin.