20 urte ondotik bi alarde desfilatzen segitzen dute Irungo karriketan San Martzial egunean. Gaurkoan 6.000 lagun inguru dira Alarde Tradizionalean (minimo historikoetan), eta kaleetan bezala, udaletxeko balkoian ere urteroko irudiak ikusi ahal izan dira. Jose Antonio Santano alkate sozialistarekin batera, PSE-EAJ Udal Gobernuko ordezkariek (Xabier Iridoy alkateorde jeltzalea barne) harrera egin diote, soilik, alarde pribatuari.
Aurtengoan, aurreneko aldiz, Espainiako Gobernuko Delegaritza ere gonbidatu du Udalak, eta Javier de Andres balkoian izan da "festa koloretsu eta martzial honetan gozatzen". Baina Donostian bilkurak zituela eta, ez da Alarde Parekideari harrera egitera geratu.
Bien bitartean, Alarde Parekideari harrera egingo dion Eusko Jaurlaritzako ordezkari bakarra, Izaskun Landaida (Emakunde) izango da. Zentzu honetan, joan den astean Iñigo Urkullu lehendakariak alarde parekidea "begi onez" ikusten duela adierazi ondotik, gaurkoan Hondarribiko Jaizkibel konpainiak oharra plazaratu du, "Irun eta Hondarribiko alkateek urtetan oztopatu duten elkarrizketa bide zabaltzeko lehendakariari ahalegin berri bat" egin dezan eskatuz. Izaskun Larruskain, Jaizkibel konpainiako kapitaina, Irungo Alarde Publikoko Olaberria konpainiako Iune Dorronsoro kantineraren ama ere bada aurten, berarekin mintzatu gara.
Elkarrizketa bidea dela nabarmendu du, bestalde, Jose Antonio Santano alkateak. Eta etorkizunean "alarde bakarra aukera bat dela" aitortu digu, betiere, "Irungo gizon eta emakumeek, herritarrek hala nahi baldin badute". Aldiz, elkarrizketa-mahai baten martxan jartzeko iturburua ez da Irungo Udala izango. Baina elkarrizketa ezinbestekoa izanik ere, "batzuk eta besteek elkarrizketa gatazka gainditzeko erabiliko badute, eta bide horretan sakontzeko, martxan jarri daitezkeen ekimenak lagunduko" dituela iragarri du alkate sozialistak.
Jarraian entzungai dituzue:
Javier de Andres, (Espainiako Gobernuko ordezkaria)
Izaskun Larruskain (Alarde Parekidea)
Jose Antonio Santano (Irungo alkatea)