Oposizioak aurkeztutako 6 mozioetatik hiru onartu zituzten bart Hondarribian

Antxeta Irratia 2017ko eka. 29a, 00:00

Horien artean, Udal Liburutegiari buruz Alderdi sozialistak aurkeztutakoa. Aldaketa batekin, baina Biteritik Zuloaga Etxerako lekuz aldaketa egiten ari den bitartean, joan den asteaz geroztik Udal Liburutegirik gabe geratu dela Hondarribia, eta urria hasiera arte horrela segitu behar izatea ez dela onargarria.

 

Abotsanitz udal taldeak bere partetik, lekuz aldaketa arloka egin zitekeela nabarmendu du, gutxienez, ordenagailu postuak eta ikasketa gelak zabalik mantenduz. Baina haratago joan da. Igor Enparan bozeramaleak esplikatu digunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2016an egindako Euskadiko Irakurketa Publikoko Maparen arabera, baliabide tekniko eta giza baliabideei buruz, hainbat gabezi ditu Hondarribiak Udal Liburutegiari dagokionez, Zuloaga Etxeko eraikin berrituan ere ez dituenak beteko. Hala, lehenbailehen neurriak hartzera gonbidatu dio Udal Gobernuari Mozioa ez da onartua izan, baina Udal Gobernuak adierazi du ordenagailuen kasuan KZ Gunea alternatiba bat dela. Eta ikasketa gelari buruz, aterabideren bat bilatzeko konpromisoa hartu dute.

 

Horrez gain, Mugikortasun Mahaia behingoz dei dezala galdegin zioten Udal Gobernuari ere. Eta azken asteetan eztabaida piztu izan duen gaia izaki, aho batez onartu izana da albisterik esanguratsuena, oposizioko Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP ez ezik, Udal Gobernu jeltzaleko ordezkariek ere bat egin baitzuten.

 

Oroitarazi beharko genuke, Udalak iada, Mugikortasun Mahaia aurrera eramateko diru-partida bat onartua zuela, baina orain artean, ez zela aurrerapausorik eman. Hemendik aurrera, beraz, herriko mugikortasun arazoeri aterabideak bilatzeko mahaia osatuko dute politikariek, arloko teknikariek eta herritarrek ere.