Hondarribiako udalak, Zaldunbordako Outlet Village proiektua burutu nahi du, kosta ala kosta

Antxeta Irratia 2017ko eka. 10a, 00:00

Zaldunbordako Gainako eremuan Outlet Village proiektua aurrera doa, kosta ala kosta Hondarribiko Udal Gobernu jeltzalearen bultzadaz. Talde ekologistak, sindikatuak eta merkatariak ez ezik, gainerako alderdi politiko gehienak kontra agertu baitira. Irungo Udalbatzak berak, aho batez onartu zuen joan den astean, Hondarribiko Udal Gobernuari proiektua geldiaraztea eskatzea. Ez du kasurik egin. Aldiz, EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeak gaur bertan, proiektu horren kontrako ekimena erregistratu du. Sustapen Ekonomikoa, Landa Gunea eta Lurralde Orekako Batzordeak Denartean Merkatari Txikien Elkartearen iritzia ezagutu dezan nahi dute, eta horretarako agerraldi eskaera egin dute. Diotenez, Outlet Village bat egiteko proiektuak inpaktu oso negatiboa izango du merkatari txikien sektorean. Ondorio larriak ekarriko ditu haien ustetan, eta ingurumen ikuspegitik ere, Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoari kalte egingo dion heinean, epe ertain eta luzera begira, proiektu honen onuradun bakarra enpresa ustiatzailea izango da. 

Gogoratu gainera, enpresa bakarra dela Zaldunborda Gainako eremua erosteko prest agertu dena, eta lizitazioaren egun berean sortu zen enpresa bat dela, 3.000 euroko kapital minimoarekin, eta inolako jarduerarik ez duela euki orain artean. 

Atzokoan onartutako Hirigintza Plan Orokorrera bueltatuz. Udal Gobernuak hainbat datu eman ditu, ideia baten egiteko. Datozen 12 urteetarako 1.566 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duela HAPO-ak, horietatik %57 (891) publikoak  edo babes ofizialekoak eta beste 656 (%42) errejimen librean.

Jarduera ekonomikoari dagokienez, Zaldunbordako Gainako 40.000 metro karratuak barne, garapen berriko jarduera-lurzoruetarako 33,7 hektarea proposatzen dituela Hondarribiko udal-barrutirako. Orain artekoei erantsiz gero, denetara 45,9 hektarea izango ditu Hondarribiak ekonomia jarduerak garatu ahal izateko. 

Plan Orokorraren gauzatzeko 117 milioi euroko inbertsioa beharko da. Udalak jarri beharrekoa kopuru horretatik 53 milioi euro dira, eta Udalak lortutako hiri-lurren truke jaso ditzakeen konpentsazioak 55 milioi euro suposatzen dute. Horren ondorioz, esan dezakegu Udalak baduela HAPOa garatzeko finantziazio-iturria.

Hala eta guztiz ere, diru horrekin hirigintza plana sozialagoa izan zitekeela uste du alderdi sozialistak. Eta arima sozialik ez duelakoan, atzo abstenitzea erabaki zuen Iosu Alvarezek. Bere hitzak eta Abotsanitzeko Igor Enparanenak ekartzen ditugu gogora