Geroz eta gehiago dira, Zaldunbordan egitekoa duten Outlet Village proiektuaren aurkariak

Antxeta Irratia 2017ko mai. 30a, 00:00

Joan den astean Hondarribian sindikatu, alderdi politiko eta talde ekologistek deituriko elgarretaratzea egin ondotik, Zaldunbordako Gainan egitekoa den Outlet Village edo Hiriaren proiektuaren kontrako ahotsak biltzen doaz, ozenki gainera.Kalean eta Hondarribian ez ezik, oraingo honetan, erakunde publikoetan eta Irungo udaletxean ere. SPI eta EH Bildu oposizioko udal taldeek mozio bat aurkeztu baitute, Irungo Udalak Hondarribikoari proiektua hau geldiaraztea eska diezaiola onar dezaten udal talde politikoek.

Proiektu honek Aiako Harria eta Jaizkibel mendiaren arteko korridore naturalaren kontrako eraso ekologikotzat jotzen dute, mugikrotasunaren aldetik 1.000 aparkaleku eta 100 denda bilduko dituen proiektua izaki, astakeritzat jotzen dute, eta ekonomiari buruz, tokiko, eskualde osoko merkatari txikiak kinka larrian jarriko dituelakoan baitaude. EH Bilduko Joxe Cayetanorekin mintzatu gara honi buruz. Gogoan hartu, bestalde, arrazoi hauetaz guztietaz gain ere, Hondarribiko Abotsanitz Udal Taldeak ohartarazi duela, bestelako ondorio batzuk ere ekar ditzakeela proiektua aurrera eramatea. Hondarribiko Udalak lursailaren erosketa eta salmenta prozesua ezbaian jarri baitu, jakinda, nekazal-eremua izanik bere prezioa sei bider pagatuta erosi ziola Txinzer-i eta, lurra deskontaminatu beharra dagoelarik ere, 3 milioi euroko kostua duena, ekonomia jardueretarako bideratzeko birkalifikatu beharra dagoela. Eta hau Eusko Jaurlaritzak dionaren kontra doa.  Igor Enparanekin ere hitz egin dugu