Bihar hasi eta ekainaren 24a arte, CPIE Euskal Itsasbazterrak erakundeak eta Hendaiako Herriko Etxeak, Garapen Iraunkorraren Astea antolatu dute. Europako mailako ekimena izanik ere, Hendaian luzez egin dute honen aldeko apustua, gizartera sentsibilizatu nahian. Hala, herriko hainbat elkarte eta eragile pribatuk partehartuko dute egitaraua mardula osatzeko. Europakoa astea bada ere, Hendaian 25 egunez luzatuko baitituzte ekintzak, atelier, erakusketa, hitzaldi eta ateraldi hainbatekin. 28 hitzordu proposatzen dituzte, bihar erakusketa batekin estreinatuz. Bihar 18:00etan, Zero Zabor egitasmoari buruzko hitzaldia izango da, Tribord-ek antolatuta, Floridako Portuko bertako terrazan. Jeremy Pichon adituaren eskutik.
Bestalde, Recyklarte elkarteak eskainirik, «Ereitekoa eta konpost-ontzia sortu» tailerra izango da 17:30etik 20 :00etara Orioko baratze partekatuetan. Asteazkenean, aldiz, Errepublika plazako merkatuan karrikako basa-landareen ezagutza ludikoa eskainiko dute, Herriko ETxeak plazaratu berri duen hiriko bide-bazterretan sortzen diren 12 landare eta sendabelarren inguruko liburuxka banatuz. Autoportuko harrera zentroan, aldiz, asteazkenean ere, «Hendaia eta energia trantsizioa” izenburupeko hitzaldia emango dute atsaldeko 18 :00etan BIZI eta HITZA HITZ batzordeen eskutik.