Irungo Herri Bazkaria aurtengoan ere, Ficoban eta tamainako baliabiderik gabe antolatu behar izan du Betti Gottik

Antxeta Irratia 2017ko mai. 29a, 00:00

Betti Gotti euskara elkarteak Irungo jaietako ekimen herrikoirik jendetsuena antolatu du 8. urtez ekainaren 24rako.

2009. urteaz geroztik, herriko gazte koadrilak biltzen dituen Herri Bazkaria handitu baino ez da egin, eta dimentsio handiagorik hartu ez badu, ez da euren ahalegina bikoiztu duten elkarteko bolondresengatik izan, baliabide gehiagorik ez dutelako baizik. 

Hala eta guztiz ere, hasierako 500etatik 1.800 lagunetara pasatu da urte gutxiren buruan, eta aurtengo herri bazkarirako txartelak ekainaren 2an eta 3an salduko dituzte San Juan plazan. Ostiralean arratsaldez 18:00etatik 20:00etara, eta larunbata goizarekin 11:00etatik 13:00etara.

Berritasunak badira, bai eta halabeharrez murriztu behar izan dituztenak ere egitarauan. Izan ere, elkarteko bolondresen aldarrikapen nagusiek erantzunik jaso gabe segitzen dute. Bazkaria Ficobatik hirigunera eramatekoa, esate baterako, gauzak erraztuko lituzkeenak batetik, iaz emandako "jokabide desegoki zenbaitzuren aurrean neurriak hartzerako garaian". Udal Gobernuari segurtasun eta baliabideen beharren inguruan hausnarketa egin dezan galdegin diote elkartetik. Eta erantzuna erdibidekoa izan dela diote. 

Udalarekin harremanetan dira luzez eskaerak bete daitezen. Baina Junkal Eizagirre Kultura zinegotziak aurkezpen prentsaurrekoan ez bezala, DIARIO VASCOn egindako adierazpenetan argitu du gerora, herri bazkaria etorkizunean ere egingo bada, Udalak Ficoban soilik baimenduko duela. Eta Betti Gottik dituen baliabideak aski direlakoan dago hau antolatzeko, "kontuan hartuta herri bazkariak Udalaren 20.000 euro dituela". 

Betti Gotti elkarteak baieztapen horiek argitu ditzala galdegin du, halako diru ekarpenik sekulan jaso ez duelako. 

Joxeja Zabalorekin hitz egin dugu