Zaldunborda Gainan (Desguaces Vidaurreta aldamenean) eraiki nahi duten 100 saltoki bilduko dituen Outlet Hiriaren kontrako kontzentrazioa deitu dute ostegun hontan Hondarribian. Zumardian (Damarri plazan) izango da arratsaldeko 19:00retan.
Geroz eta eragile gehiago indarrak biltzen ari dira Zaldunbordan Hondarribiko Udalak egin nahi duen proiektuaren kontra. Bidasoaldeko Lagunak, Eguzki, Ekologistak Martxan, SEO-Birdlife eta Itsas Enara talde ekologistek, Oiasso 2000 Auzo Elkarteen Federazioak edota Abotsanitz udal talde politikoak dira, argi eta garbi kontra agertu direnak.
Ekologistak Martxanek argi du "astakeria bat dela" Zaldunbordako 40.000 metro karraturen gainean proiektu hau bururaino eramatea. Ingurumen aldetik suposatzen duenagatik. Izan ere, Aiako Harria eta Jaizkibel mendiaren arteko korridore naturala da, eta Hondarribiko mendi babestu hau isolatzea ekarriko luke.
Dendartean merkatari txikien elkarteak ere, gogor salatu du proiektua. Multinazionalen eskutik, hirien kanpokaldeetan merkatalgune handiak eraikitzeko dinamika, ekologiaren kontra joateaz gain, hiriguneen kalterako direlako. Hiriguneetako merkatari txikiak desagertarazten dituelako, eta ustez, enpresa handi hauek sortzen dituzten lanpostuen hirukoitza desagertarazten dituztelako.
Proiektuaren legaltasuna ezbaian
Baina ikuspegi politikoari dagokionez, udalgintzatik bada zeresana. Outlet proiektu erraldoi bat egokia den ala ez, beste kupel bateko sagardoa bada ere, legeek ez dute eztabaidarako lekurik uzten. Eta Hondarribiko Udalak prozesuan eraman dituen formak dira opisizioko Abotsanitz udal taldeari zalantzak baino, kezkak sorrarazten dizkionak. Haien ustetan, Udalak ez ditu herritarrak, ezta udal talde politikoak ere, behar haina informatu. Eta jendeak outlet merkatal proiektuari buruz jakin orduko, mataza handiegia izan daiteke, nondik norakoak azaldu eta sinpleki ulertarazteko.
Kontua da, 80. hamarkadan Txingudiko Zerbitzuakek erositako landa eremu batetan egin nahi dela proiektua. Eta egingarria den ere, zalantzan jartzen du Abotsanitzek. Izan ere, Hondarribiko Udalak, Txingudiko Zerbitzuak-i landa eremua dena, bere prezioaren sei bider pagatuta erosi baitio, laborantzara beharrean, beste jarduera ekonomiko batetara bideratzeko xedez. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Planak onartzen ez duen birkalifikazio bat egingo zutelakoan.
Hau guztia Hondarribia Lantzen sozietate publikoaren bitartez egin dute, ondoren enpresa pribatu bati saltzeko. Enpresa hori, Txinzer eta Hondarribia Lantzen-ek lursailaren salmenta adostu zuten garaian sortu zuten 2016. urtean, eta bera da lizitaziora aurkeztu den enpresa bakarra.
Igor Enparan, Abotsanitz-eko bozeramalearekin mintzatu gara gehiago jakin nahian.