Hondarribiko Udalak diskrezioz eraman nahi du Musika Eskolaren afera, eta bertako ordezkariekin harremanetan dira, agindutako auditoriaren emaitzaren esperoan direlarik. Jakinik, aldiz, irakasleek salatu dutela, azken lau urteetan aurreko zuzendaritzak ez duela kudeaketa ekonomiko egokirik eraman, eta dokumentazioa faltan dela. Auditoria airean da. Anartean, Hondarribiko Musika Eskolako irakasleek egunero ordubeteko lanuzteak hasiko dituzte gaurtik aurrera. Egunero ordutegi ezberdinetan, beti ikasle berberak ez hunkitzeko. Aurten Udalak ez dio Musika Eskolari dirulaguntzarik eman, aipatu bezala, honek ez duelako memoria ekonomikorik entregatu. Aldiz, ikasturte bukaera bitartean luzatu da. Gogoan hartu, Eusko Jaurlaritza eta Udaleko dirulaguntzak jaso dituzten bitartean, aurreko zuzendaritzak ez dituela memoria ekonomikoak entregatu. Eta Udalak orain, auditoria bat agindu duelarik, horren baitan utzi du aurtengo dirulaguntzea ematea. Eusko Jaurlaritzakoa, aldiz, jaso izan dute. Baina ikasturte bukaeran hontan, finantziazio arazoak dituzte, eta irakasleek martxoaz geroztik ez dute soldatarik jaso. EH Bilduko Karlos Gebarak dio udal talde politiko guztiak inplikatu beharko liratekeela, arazoari aterabide bat emateko. Eta Udalak duen ardura ikusirik, eskuhartu beharko lukeela. Gogoan hartu behar da, irakasleek ez dutela soldatarik jaso martxoaz geroztik. Eta heldu den urteko matrikulazio epeak hortxe delarik, guraso anitz kezkaturik direla. Izan ere, 500 bat ikasle dira une hontan, heldu den ikasturtea jokoan dutenak.