Hondarribiko 500 ikasle Musika Eskolarik gabe geratzeko arriskuaz ohartarazi du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2017ko mai. 18a, 00:00

Musika Eskolako irakasleek ikasleen gurasoei euren egoeraz informatzeko bilkura egin zuten atzo. Hondarribiko Musika Eskolako irakasleek azken bi hilabeteetan ez dute lansaririk jaso, eta aurrera begira ere ez dago finantza baliabiderik.

Zuzendaritzaren kudeaketan "gauza ilunak" ikusirik, irakasleek esku-hartu eta zuzendaritza berria osatu dute, lehengoak kalera botaz. Baina zuzendaritza berriak udalera jo duelarik, honek auditoria bat agindu du, eta dokumentazioa falta dela eta, ez omen da auditoria hori egiterik ere izan momentuz.

EH Bilduko Karlos Gebarak esplikatu digunez, berandu baino lehen aterabide bat bilatu beharko zaio, baina gauzak horrela daudenez, Udalak ezin dio adostutako dirulaguntza eman Musika Eskolari. Hortaz, irakasleek kobratzen ez badute garbi dago ez dutela jarraituko datorren kurtsoan, eta Hondarribia musika eskolarik gabe geldituko bada, 500 ikasle zerbitzurik gabe geratuko lirateke. 

Matrikulazioak epeak aintzat hartuta, guraso anitz kezkaturik agertu dira. Eta dena airean dago. 

Udalak, anartean, auditoriaren emaitzaren zain aurkitzen da, eta gaia diskrezioz eraman nahi duela jakitera eman dio Antxeta Irratiari. 

EH Bilduk bere partetik argi du, dena argitu artean, Udalak banketxeekin kreditu puente bat negoziatzen lagundu beharko liokeela zuzendaritza berriari, proiektu ekonomiko zein pedagogiko berri bat martxan jarri ahal izateko.