Euskal Herri  osoko motorzaleak bildu nahi dituen ekimena ospatuko du Irunen Gure Esku Dago-k heldu den igandea

Antxeta Irratia 2017ko mai. 16a, 00:00

“2018rako motorrak berotzen” lelopean, proposamen originala eta berritzailea aurrera eramango dute, erabakitzeko eskubidearen aldeko lehen moto irteera honekin. Herriko motorzale talde batek proposatuta hasi ziren moto irteera antolatzen, eta Irungo motorzaleei ez ezik, Euskal Herri osoko motorzaleei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena. Izan ere, Irungo Urdanibia plazatik abiatuko dira motorrak goizeko 10:00etan, eta Bidasoa, Oarsoaldea eta Bortzirietatik iragango dira itzulia eginez. Ondoren, Urdanibia plazan bertan, kale animazioa, lehiaketa gastronomiko, txosna eta kontzertuak ere izango dira. Moto irteera “Euskal Herri osoan burutzen ari diren herri galdeketa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen guztien olatu berdinean kokatzen da”, eta iragarpen bat egingo dute igandean ere, Irunen 2018. urtean herri galdeketa egingo dela aurreratuz. Horretarako, kasik 4.000 sinadura bildu beharra dago Irunen. Galdera zehaztu eta sukaldeko lan handia. Aitor Errazkin lankideak, Elena Berazadi, Irungo herri galdeketaren batzorde sustatzailea den Herritar Hitza elkarteko lehendakariarekin mintzatu da.