Euskararen kaleko erabilera kaxkarrari aterabideak bilatzeko mahai-ingurua antolatu du Hondarribiko Blagan euskara elkarteak

Antxeta Irratia 2017ko mai. 3a, 00:00

Heldu den ostiralean (maiatzak 5, 19:00etan) Hondarribiko Euskararen kale erabilerari buruzko mahai-ingurua antolatu du Blagan euskara elkarteak Kultur Etxean. Xabier Isasi, EHUko psikologo eta estatistika irakaslea, Mikeldi Zeberio soziologoa eta Maite Berruet euskara teknikari zein Hondarribiko Mintzalaguna egitasmoaren koordinatzaile ohia gonbidatu dituzte hizlari gisa. Ainhara Zuazabeitia kazetariak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak. Halere, herritar orori deialdia luzatu dio Blagan-ek, mahai-inguruan parte hartu eta herri euskaldunago bat lortzeko, aterabideak bilatu eta hausnarketa bultzatu aldera.

Hondarribia herri euskalduna dela zioten orain artean SIADECOk egin izan dituen neurketa soziolinguistikoek. Hala bada, euskal-hiztunen kopuruen eta ezagutza mailaren arabera, aurten plazaratu dituzten herriko euskara kale erabilerari buruzko neurketen emaitza berriek agintari eta herri eragile oro kezkatu ditu.

Aurreneko aldia izanik, neurketa metodologia eguneroko benetako praktikan oinarritu dela, eta ez inkestatuak dionaren baitan, neurketan entzun izan diren 10.000 elkarrizketa baino gehiagoetatik, 2.545 baizik ez dira euskaraz emanak izan. Gazteen kasuan, adibidez, %11 baino ez da euskaraz mintzatzen kaleko eguneroko harremanetan.