Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea asteartean hasi zen larunbateko zozketa erraldoiko sariak banatzen. Puntaleko eskolan (Molla pasealekua, 1) ari dira sariak ematen, egunero 09:00etatik 11:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara (ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta maiatzaren 1ean salbu, egun horietan goizez bakarrik). Hau da, asteburuan ere jaso daitezke sariak, goizeko ordutegian. Maiatzaren 26ra arte egongo dira.
Saria lortzeko, ezinbestekoa da Puntaleko eskolatik pasatzea. Ezin da saritutako txartelarekin zuzenean establezimendura joan.
Zozketan kirolari, idazle edo artista baten dohaintza tokatu zaionak, Puntaleko eskolan bertan jasoko du oparia. Bestelakoa opari bat egokitu zaionari, agiri bat emango diote saritutako txartelaren truke, eta agiri horrekin joan beharko da dagokion establezimendura, saria jasotzeko. IKUSI HEMEN ERRIFA ZENBAKI SARITUEN ZERRENDA
Sariak banatzeaz gain, Madalen plazan eginiko mural erraldoiaren puskak saltzen ari da Hondarribia-Katsikas elkartea Puntaleko eskolan. Zati bakoitza euro batean dago salgai eta diru horrek ere udazkenean Grezian abiatuko duten proiektua finantzatzeko balioko du. Elkarte solidarioak jakinarazi duenez, dagoeneko hasi dira proiektu hori prestatzen eta osasunari eta elikadurari lotuta egongo da.