David Zurutuzak Hendaian eskainiko du aurten udako haurrendako Futbol Kanpusa

Antxeta Irratia 2017ko api. 25a, 00:00

Seaskaren partaidetzarekin eta Hendaiako Herriko Etxearen babesarekin, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, hirugarren urtez, David Zurutuza Errealeko jokalariak futbol kanpus bat antolatu du uztailaren 10etik 14ra iraganen dena. Udaleku ireki gisa pentsatua, kirola, aisialdia eta euskararen erabilera ditu erronka nagusiak. Eta aurreko bietan Kanbon egin ondotik, aurten Hendaiako Les Englantins futbol klubarekin elkarlanean eta Hendaiako Herriko Etxearen babesarekin eginen dute, Hendaiako Ondarraitz zelaietan. Ikastaldia euskaraz  eta 7-14 urteko haurrei zuzendua dago.

Interesa baldin baduzue, jakin haur bakoitzeko 180 euro balio duela ikastaldiak eta informaziorako edo izena emateko www.dzurutuza.com webgunera jo beharra dagoela. Esan bezala, Hendaiako Herriko Etxeak babestutako ekimena da honakoa, Ondarraitzen eginen delarik, eta Kotte Ecenarro kontent agertu da Hendaiari estuki lotua den David Zurutuza bezalako goi mailako futbolari baten eskutik, haurrentzako futbol kanpusa Hendaian bertan antolatu izanagatik.