Udatiarrei begirako azoka ote?

Antxeta Irratia 2017ko api. 6a, 00:00

Hendaiako Turismo Bulegoak tokiko produktu biologikoak sustatu nahian, azoka berri bat martxan jartzeko erabakia hartu du. Lau hilabeteko lana eman dute, heldu den apirilaren 14tik azaroaren bigarrenera bitartean, ostiral goizero merkatua antolatu ahal izateko. 

Hondartza auzoko Palmondoko biribilgunean eginen dute, eta horrekin Hendaiak astean hiru merkatu egun ukanen ditu aukeran. Herriko Etxeak hartu erabakia ez dute, aldiz, tokiko laborariek begi onez ikusten. Are gehiago, haien ustetan dagoeneko egiten diren asteazkenetako Errepublika plazako, eta larunbatetan Zokoburuko plazatxoko merkatuak indartu beharko lirateke hirugarrena sortu baino. 

Haien ustetan, ostiraletan Palmondoko biribilgunean egingo den hirugarren azoka hau, udatiarrei begira baino ez da antolatu. Laborarien Foruma osatzen duten ekoizle ttipien sareak argi utzi dio Herriko Etxeari euren desadostasuna. Baina honek hirugarren azoka antolatzea, herritarren kontsumo ohituren baitan egindako inkesta bati erantzunez erabaki dutela erran die. Eta martxan jarri eta heldu den udazkenean nola pasatu den aztertuko dutela erantzun die. Anartean, jakin dugu, tokiko ekoizleen artean Hendaiako merkatuetan aritu ohi direnen artean, Arruabarrenak baino ez du ostiraletako merkatu berrian parte hartuko. 

Patrik Larrondo, Hendaiako merkatuetan ari den AMAPeko laborari biologikoa